XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IDAZLEEI EGINDAKO GALDEREK IZAN DUTEN ERANTZUNEN AZTERKETA LABURRA

Hara hemen txosten honi jarraitzeko eskuan behar dituzun kuadruak.

Baina kuadru hoiek, 11, eta bakoitza bere zenbakiarekin bereizia, behar dute sarreratxo bat.

Lan hau nola eta zertarako egin dugun adierazteko.

Euskaltzaindiak azken hamar urte hauetan aurrera eraman duen Batasuna-ren ondorenaz idazleak duen eritzia da oso kontuan hartu behar denetako bat.

Baina, nor da idazle?.

IDAZLEEN HAUTAPENA

Idazleen hautapena bi epetan egina izan da: 1. Joan Mari Torrealday-k eratu zuen lehenengo zerrenda, ahal izan duen osokien izenak bilduaz.

Hontarako, Joan San Martin-en Catálogo bibliográfico de los escritores euskéricos, Joan Mari Torrealday-ren Euskal idazleak, gaur liburuetan agertzen diren guztiak jaso dira; gainera, Euskal Idazleen Elkarteko partaideak, eta Jakin-en, Anaitasuna-n, Zeruko Argia-n, Goiz Argi-n eta beste aldizkarietan idatzi dutenak ere bai.

Eta bilketa oso hau egin eta gero, 363 idazlen zerrenda batzordeko bakoitzari pasatu zaio.

Denen aurrean banan bana, eta gero bakoitzak berez, aztertu ondoren, inoiz besterik idatzi ez duenen batzu kendu ziren; eta, hala, azkenean 260 idazleren zerrenda geratu da.

Nor da idazle guretzat eta lan hontarako?.

Idazlea, guretzat, hizkuntza idatzian ari dena da, lan honen helbururako behintzat, nahiz liburugile edo kazetari, eta baita itzultzaile eta zuzentzaile bezala ari dena ere.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar azken hamar urte hoietako idaz-lana dela aztertu behar duguna, eta miatu ditugun aldizkari eta liburuak, 1968-78ko bitarte hontan agertu direnak izan dira.